Jon Arretxek "Zazpi kolore" liburuan egin zuena egingo dugu ikastaroan: narrazio bat idatzi. Blogean jarri ondoren, narrazioaren izenburua zein den eta egileak zein kolorerekin identifikatu duen asmatzen saiatuko gara.
Azoka eguna zen, eta, azokako sarreran puxika-saltzailea zegoen. Puxikak, soka batekin lotuta, gora begira zeuden, zerura iritsi nahian. Horien artean, kolore ugari zituen bat zegoen, edertasunagatik nabarmentzen zena, paregabekoa. Kolorezko puxika besteak baino gorago zegoenez, oso ikuspegi ona zuen baita azoka osoa ikusteko aukera ere. Aurrean pasealekua, eta, beherantz begiratzen bazuen milaka pertsona ikusten zituen. Puxikak, azokako giroa ikustean, aske uztea nahi zuen, batetik bestera ibiltzeko, behean zegoen jendeak egiten zuen moduan.
Carlota, gurasoekin batera, azokara joan zen egun hartan, eta, azokara sartu bezain laster puxika-saltzailea ikusi zuen. Berehala eskatu zien gurasoei kolorezko puxika erosteko. Gurasoek erosi egin zioten eta Carlota harro zihoan azokan zehar, bere puxika ikusgarria beste haurrei erakusten. Etxera itzuli zenean, logelan utzi zuen puxika Carlotak. Puxika, gelako sabaian zegoela, harrituta gelditu zen hainbeste jostailu ikustean: panpinak, jostailuzko etxetxoak, baloiak eta beste asko. Jostailu-dendek adina jostailu zituen. Baina Carlotak, dagoeneko ez zuen jolasten bere logelan zeuden jostailuekin, eta, puxika horretaz konturatu zen.
Triste jarri zen puxika kanpoan zegoena ikustean. Behin, kanpoan zeuden lorategi eta iturriei begira zegoela, alde egiteko gogoa etorri zitzaion; hala ere, zaila zeukala bazekien.
Azkenean, alde egiteko aukera iritsi zitzaion. Logelako leihoa irekita zegoen, eta, sartu zen haize bolada baten laguntzaz, alde egin zuen. Gora eta gora joan zen, kanpandorre bateraino iritsi arte, eta, han bertan krokatuta gelditu zen. Harriturik, hiria behatzen zuen hortik, eskolara joaten ziren haurrak, dendetako ateak nola irekitzen zituzten, kotxeak eta autobusak ibiltzen ilundu arte eta mugimendu guztia. Horietako gau batean, lotzen zuen soka apurtu eta alde egin zuen hegal eginez. Hiria zeharkatu eta ibaia pasatutakoan, baso bateraino iritsi zen. Basoko zuhaitzen artean, marrubi sail bat zegoen eta han bertan lurreratu zen. Emakume batek marrubiak jasotzen zituen, eta, kezkaturik zegoela nabari zitzaion. Senarrak ezin zuen lanik egin gaixorik zegoelako, beraz, berak egiten zuen lana. Alabaren urtebetetze eguna zen eta oparirik ez zuen. Begirada altxatu eta puxika ikusi zuenean, alaitu egin zen. Kontu handiz hartu eta zuhaitz baten adarrean lotu zuen. Maria, eskolatik irten eta ama besarkatu zuen etxera heltzean. Puxika zoragarri hura berarentzat zela konturatzean, harriturik gelditu zen. Mariak egunero jolasten zuen puxikarekin eskolatik irten ondoren, eta puxikak, han bertan gelditzea erabaki zuen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario