20110609

11. narrazioa: Txuria

Jon Arretxek "Zazpi kolore" liburuan egin zuena egingo dugu ikastaroan: narrazio bat idatzi. Blogean jarri ondoren, narrazioaren izenburua zein den eta egileak zein kolorerekin identifikatu duen asmatzen saiatuko gara.

Kasu honetan koloreen inguruko gogoeta egin du idazleak.



Koloreez ikusten dugu? Koloreak ote al dira? Agian ez… agian bestaldetik hasi beharko genuke, aurretik atzera, kontrako galdera eginez: zer dira koloreak? Begi aurrean daukaguna? besteek ikusten dutena? Eta horrekin batera bigarren galdera datorkigu: zeintzuk dira besteak? animaliak? Beste pertsona batzuk? Geu beste egoera batean?
Ez dut uste kolorea zera hain geldia denik, ikuslearen ikuspuntuaren arabera aldatzen den zerbait baizik. Beltza, adibidez… batzuentzat aterpe bat da, edo bizimodu bat; beste batzuentzat, ordea, beldurgarria, edo bizimodu baten falta. Eta badaude beste batzuk kolorerik ez dela uste dutenak, kolore falta baizik. Batzuek hiria grisa ikusten dute. Beste batzuk, argiz koloreztatua. Beste batzuek herriko berdea edo argirik gabeko argia (“gizakien argirik gabekoa”, hain zuzen) maite dute, benetako argitasuna argietatik urrutik dagoelakoan.
Baino umore eta egoerak alde batera utzita, ikuslearen menpean egoten jarraitzen dute. Txakurrek ez dituzte ikusten guk ikusten ditugun koloreak; sugeek ere ez, eta saguzarrek are gutxiago… ia itsuak!
Beti galdetu diot neure buruari ea pertsona guztiok kolore berberak ikusten dItugun… suposatzekoa da antzekoak direla, guztion begien anatomia berdintsua izanda. Baino horrek ez du esan nahi ikusten dugun kolorea berdin-berdina denik. Txikitatik hausnartu izan dudana: sagar bat ikusita, aurrean jarrita, nik gorria ikusten dut. Edo hobeto esanda: “gorria” deitzen diodan kolore bat ikusten dut. Baina ezin dut jakin besteek zer ikusten duten… Dudarik gabe besteak gorria dela esango lidakete, horrela ikasi dutelako txikitatik: “sagarraren azala gorria da”. Hala ere, neuk “berdea” deitzen dudana ikusten badute eta “gorria” baderitzote? Nola demontre konturatuko naiz?
Sentimenduekin gauza bera gertatzen da. Denok onartzen dugu sentimenduak badirela (edo horrela izatea gustatuko litzaidake behintzat…). Maitasuna, mina, gogoa, harrokeria, beharra, alaitasuna eta denok ados gaude, oro har, zer egoeratan agertzen diren. Baino ez dago ziur egoterik besteek gauza bera sentitzen duten. Bikote batean batek besteak baino gehiago maitatzen omen du… edo bestea baino sentikorragoa omen da… eta batzuetan ezberdintasun horiengatik arazoak sortzen dira. Desadostasunak deitzen zaie. Egoera baten aurrean desberdin konpontzen gara, batzuetan besteak zer egin duen ulertu gabe (zer sentitu duen ulertu gabe, beste era batera esanda…).
Horregatik koloreak sentimenduak direla pentsatzea gustatzen zait…

No hay comentarios: